Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak? Kausitzen al duzue maitasunik sikira zuen maitatuen arteko ehundiko hogeitabost edo hogeiaren baitan, ala hemen bezala mutu al diraute telefonoak, bihotz mortuak bailiren gauez gau bihotz mortuak bailiren etxeko laberintoaren azkeneko salan? Zuen erresumako lurraldeen artean ba al dago Greenland edota Groenlandia deitutako parajerik? Ospelak al dira hango haranak? Ba al daude Shell konpainiako gasolinategiak, eta ez al dira biltzen tximeletak kolore horiko karrankaletan? Neguan ere ez? Ez al du esistitu han Cenizas bezala firmatzen zuen espia batek? Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak? Ez al duzue karramarroekin ametsik egiten? Eta ume itsuekin? Tom Simpson ziklistarekin akordatzen al zarete inoiz? -nola asfisiatu zen Aubisque mendian gora, nola bere elastikoak axedrez taula apurtu bat zirudien karreteraren harri txintxarretan? Mugaz bestaldean, hostoek ematen al diete babesa fruituei? Ba al dago marrubirik? Arrain abisalek ba al dute aurresentipenik eguzkiaz, ba al dakite argia eta iluna hitzak bereizten? Trena hartu eta egunaren trasparentzian izkutatu zen jendeak, azken unerarte gorde al zuen geldi zitekeeneko ilusioa? ala esan zaidan, haize boladetan datzala txorien halabeharra, ba direla portua sekula arkitzen ez duten untziak itxasoan. Zuek patua aipatzen duzuenean zertaz ari zarete, zehazki? Lan seguru baten abantailaz? Edo laranjarekin jaten denaz, sinpleki? Otoi egiterakoan, gogoan izaten al dituzue desertuko karabanak? Asko al dira, asko al zarete mugaz bestaldeko erresuma hartan? Egunero kaletik ikusten dudan jende hau, han bizi al da?